2012/12/09

Kultur ondarea


Kaixo lagunok!


Gaurkoan, kultur ondarearen inguruan hitz egitera natorkizue. Kultur ondarea talde baten adierazpen multzo bat da, arbasoek utzi digutena eta guk ondorengoei utziko dieguna. Objektu horiek materialak edo materiagabeak izan daitezke. Materialen artean zubiak, eraikinak, liburuak, formazio geologikoak, marrazkiak, eskulturak … aurkitu genitzake, eta materiagabeen artean, abestiak, historia, ohiturak ... gure ondare kulturala mantentzeko, ezinbestekoa izango da horiei buruzko azterketa burutzea.

Ikasleek beraien inguruko kultur ondarea zein den jakin beharko dute, hori kontserbatzeko eta garatzen joateko. Horretarako, Gernikako kultur ondareari buruzko bideo bat jarriko dut, fikziozko pelikula antzeko bat zehazki. Honela, irakaskuntza tradizionala ere alde batera utzi daiteke, ikasleek beraien ezagutza propioak eraikiz.

Hau guztia esan ostean, agurtzeko garaia iritsi da. Erabilgarria izango zaizuelakoan, hurrengora arte!

Zoriontsu hezitu!



2012/11/29

Joku kooperatiboak!



Kaixo lagunok!

Oraingo honetan, jolas kooperatibo batzuk aurkeztera natorkizue, hauei buruzko datu interesgarri batzuk azalduz.

Badakigu, gaur egungo gizartean bizirauteko, hiritar aktiboak eta parte-hartzaileak izateko eta kritikoki jarduteko, taldean lan egiteko gaitasuna izatea ezinbestekoa dela. Hau dela eta, etorkizuneko irakasleak izango garenez, gure ikasleak horretarako prestatu behar ditugu.

Prestakuntza hori aurrera eramateko bide bat, jolas kooperatiboen erabilera izan daiteke. Termino horrek ez dio jolas mota bati erreferentzia egiten, jolasteko modu edo ezaugarri bati baizik. Jolas hauen bidez, talde lana eta guztien parte hartzea bultatzen da. Inor ez da baztertuta sentituko eta ez dute gaizki egitearen sentsazioa biziko. Ezaugarri edo jolasteko modu hau, jolas guztietan aplikatu badaiteke ere, aurretik aipatutako helburua duten jolas espezifikoak ere badaude. Testu honen ostean, jolas horietako batzuk biltzen dituen liburua atxiki dut, erabilgarria izango zaizuelakoan.

Agurtzeko garaia iritsi da. Helarazi dizuedan informazioa baliogarria eta aberasgarria izatea espero dut.

Eta gogoratu .................... ZORIONTSU HEZI!



2012/11/15

Konpetentzia digitala

Kaixo lagunok!

Gaur, IKT-ei buruz hitz egingo dizuet. Sarrera hau, gehienbat, irakasleei zuzenduta egongo da.

Badakigu, gure gizartea etengabe garatzen ari dela, oso bizkor eta etenik gabe. Honekin batera, teknologia aurreratzen ari da, gailu berriak asmatuz eta sortutakoak berrituz.
Jakina dugu, eskoletan etorkizuneko hiritar parte-hartzaile aktiboak, kritikoak eta gizartean bizirauteko gai direnak eratu behar ditugula. Ondorioz, biziko duten gizartea hezkuntzan islatuta egotea beharrezkoa izango da.
Hau dela eta, informazio eta komunikazio teknologiak eskoletan txertatu behar ditugu, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua aurrera eramateko beharrezkoak izanik. Ikasleak gai izan beharko dira gailu teknologikoak erabiltzeko, horiekin informazioa bilatzeko, informazio hori antolatzeko eta ulertzeko, eskura dituzten errekurtso ezberdinak optimizatzeko ..., hau da, konpetentzia digitala garatzea ezinbestekoa izango da. 
Jarraian, nik eta nire ikaskide batzuek sortutako bideoa txertatuko dizuet, azaldutako gaiari buruzkoa zehazki. Irakasleei zuzendutako bideoa dela esan dudan arren, guztiz dibertigarria eta entretenigarria da, blog honetako leloa ahaztu gabe.




Aberasgarria eta lagungarria izango zaizuelakoan agurtzen naiz! Eta gogoratu,

Zoriontsu hezitu!

2012/11/06

Kaixo Lagunok!
Oraingo honetan, hezkuntzan irakasten den euskara ereduaren inguruan hitz egingo dut, gaur egun aldatu behar den egoera bat azalduz.
Eskoletan euskara irakasten hasi zirenean euskalkiak baztertu eta gutxiesten ziren, euskara batua gailenduz.  Ez ziren erregistro ezberdinak eta errealitate konplexua kontutan hartzen, ikasleen inguruneari jaramonik egin gabe. Gaur egun, herri euskalkidunetan euskara batua inposatzeak ondorio eskasak dakartzala ikusi da, ikasleek euskara ikastea ekintza hotz bat bezala hartzen baitute, hizkuntza ongi jakitera iritsi gabe.
Hizkuntza ongi jakitea, norberak bere euskalkian hitz egiteko eta idazteko, estandarra erabiltzeko, erregistro ezberdinak ezagutu eta horietan jarduteko, eta beste barietate batzuk ulertzeko gai izatea da. Beraz,  euskara batua jakitea ezinbestekoa bada ere, euskalkiak errespetatzea eta kontutan hartzea nahitaezkoa da, bien arteko oreka bat sortuz.
Aurreko lerroetan adierazi dudan egoera aldatzen hasteko, jarraian azalduko dudan ariketa proposatzen dizuet!



Jarduera hau oso aproposa iruditzen zait, ikasleek beraien euskalkian hitz egin eta idazten dutelako, eta euskara batuarekin konparatzen edo erlazionatzen dutelako. Gainera, irakurketa ozena eta ipuinen egitura lantzeko  bidea ere zabaltzen dute ariketek.
Jarduera honekin, konpetentzia linguistikoaren atal guztiak jorratzen direla uste dut, sakonki ez bada ere. Hau da, semantika, sintaxia, fonologia eta morfologia lantzen dira, ikasle bakoitzak esaldi bat osatu behar baitu, hitz eginez zein idatziz. Proposatutako jardueran,  konpetentzia pragmatikoa eta soziolinguistikoa ere  lantzen direlakoan nago. Konpetentzia pragmatikoa, ipuina sortzean lantzen dute. Inguruan entzun duten informazioa kontutan hartu, eta adierazi edo lortu nahi dutena azaltzeko modu konkretu bat erabiliko dute. Soziolinguistikoa, aldiz, ikasleek erabiliko dituzten elementuen araberakoa izango da. Lurralde bateko kulturaren barne diren ohitura, keinu edo esaldi tradizionalak ipuinean agertzen badira, konpetentzia soziolinguistikoa landuko lukete. Gainera, lurralde ezberdinetako ikasleak badaude, modu aberasgarriago batean garatuko litzake gaitasun hau.
Guzti hau azaldu eta nire proposamena helarazi ostean, aurpegian irribarre bat marraztuz agurtzen naiz! Beti bezala, jarduera aberasgarria eta erabilgarria izatea espero dut eta zuen esperientziak elkarbanatzera gonbidatzen zaituztet.
Agur bero bat!

2012/10/13

FRATO, jolasaren alde!

Kaixo lagunok!
Gaur ez dizuet irakaskuntza ezberdina burutzeko proposamenik ekarri. Oraingo honetan, blog honetan aldarrikatzen den ideiaren aldeko pentsalari bati buruz hitz egingo dizuet.
Francesco Tonucci, FRATO, (1941) pentsalari, psikopedagogo eta marrazkilari italiarra da. Jarrera eta pentsamendu infantilak  aztertzen ditu. 1991an, “Haurren hiria” izeneko proiektua sortu zuen eta gaur egun berak zuzentzen du. Proiektu honek, 100 hiritako alkateei gobernu filosofia berria proposatzen die. Honetan, haurrak balorazio, proiekzio eta hiri aldaketa parametro bezala kontsideratuz. Hirien estrukturak kritikatzen ditu eta hauek, haurretan pentsatuz planifikatu behar direla aholkatzen du. Honek ez du esan nahi, hiriak Disneyland-ak bilakatu behar direnik, baina kontutan hartu behar da heldu sano bat, asko jolastu eta autonomia izan duen haur baten emaitza dela.
Gizarte honetan “limite” hitza etengabean erlazionatzen da haurrekin edo ume txikiekin. Honen aurrean, pedagogo honek “askatasuna” aldarrikatzen du, botere pertsonala, etxerako lan gutxiago, mundua aztertzeko denbora libre gehiago arratsaldetan … Haurrak ezagutzez bete behar diren liburu hutsak direla pentsatzeari utzi behar diogula dio, pentsatzeko modu eta esperientzia ezberdinak baitituzte. Tonucciren ustez, gizarte honek ez du batere baloratzen hain garrantzitsua den haurtzaroko jolasa eta gainera,  3-6urte bitarteko umeei autonomia (oinarrizko tresna etorkizunerako) lapurtzen ari garela baieztatzen du.
Hauek dira pedagogo honenak diren esaldietako batzuk:
“Umeek gehiago ikasten dute jolasten buruz ikasten baino,  egiten ikusten baino.  Helduen kontrolik gabe burutzen duten jokoa, umeak ukitzen duen forma kultural altuena da. Ondo eta asko jolastu duten umeak, etorkizunean heldu hobeak izango dira.”
“Jolasak bizitzarako errekurtsoak ematen ditu. Gazteak garenean jasaten ditugun krisiak lehen haurtzaroan sortzen dira.”
“Gaur egun, heztea, haurrei helduen jarrera izateko eskatzea da.”
“ Haurrak, egunero, instrukzioak ematen dituzten helduen ondoan egoten dira eta zaila egiten zaie gauza bitxiak egitea. Honela, bere arriskurako gogoa batzen joaten dira beren barnean eta nerabezaroan, beraien lehenengo motorrarekin edo gaueko irteerekin askatuko dute.”
“Gela barruan edo ludoteka batean jolastea ez da haurrek nahi dutena. Haurrak gauza ezberdinak egiten ditu bakarrik dagoenean eta kontrolatzen ez dutenean. Haurrek, kontrol sozial bat dagoen leku bat behar dute nahi dutena egiteko, hala nola, belarra zapaltzeko, zuhaitzetara igotzeko edo sugandilak harrapatzeko.

Amaitzeko, FRATO-ren irudi batzuk biltzen dituen liburu bat helarazten dizuet, ea pentsatzeko gogoa eragiten dizuen. 







Gogoratu, zoriontsu hezi!



2012/09/27

Asmakizunekin ikasiz!

Kaixo lagunok!

Euskara ikasgaiean, aho hizkuntza eta idazketa lantzeko beste proposamen batekin natorkizue, beti bezala, ongi pasatuz eta entretenituz!
Ikasleek zerbait ikasteko, arreta jarri behar dute horretan, hori baita lehen pausua informazioa prozesatzeko, ulertzeko, bersortzeko, antolatzeko eta memorizatzeko. Arreta jartzeko, gustokoak dituzten ekintzak burutu behar ditugu irakasleok eta horretarako, intriga edo zerbait jakiteko gogoa sortzea laguntza handikoa izan daiteke. Baina nola sortu intriga sentimendu hori, ba ASMAKIZUNEKIN!




Hemen txertatu dudan power point honetan, 5 asmakizun agertzen dira. Bakoitzak, 7 pista ditu, izenburuak argi eta garbi adierazten duen bezala. Baina helburu edo lan bakarra ez da horiek asmatzea izango. Haurrek, pistak ulertu beharko dituzte (laguntzeko marrazki bat agertzen da ondoan) eta hauek irakurtzen eta ahoskatzen jakin beharko dute.
Beraz, hau da nire proposamena:
  1. Ikasgela 5 taldetan banatuko du irakasleak.
  2. Talde bakoitzari asmakizun bat helaraziko die.
  3. Talde bakoitzean, guztiek pista bat irakurri beharko dute (pertsona kopurua kontutan hartuz, batzuek 2 irakurri beharko dituzte, adibidez, zailtasun gehien dituztenek).
  4. Talde txikiak ikasgela erdira irtengo dira irakurtzera eta besteek, asmatu egin beharko dute, eskua altxatuz betiere.
Espero dut nire proposamena erabilgarria eta aproposa izatea! Erabiltzen baduzue, idatzi komentario bat zuen esperientzia azalduz, mesedez! Honela, beste maistra edo maisuek, ondorioak eta emaitzak ere ezagutu ahal izango dituzte.

Eta gogoratu, zoriontsu ikasi!




Zientzia dibertigarria!

Blog honetan, askotan azpimarratua izan den bezala, zoriontsu eta dibertsioaren bitartez ikasteko hainbat baliabide aurkezten dira. Oraingo honetan, helburu hori duen talde batekin nator.

 
"Zientzia Dibertigarria", pedagogian espezialistak eta adituak diren hainbat pertsonek osatzen duten taldea da. Hauek, jolasten irakasteko metodoa asmatu dute. Estatu Batuetan sortu zen, "Fun Science" izenarekin zehazki. Gaur egun, bere sede printzipala Madrilen aurkitzen da. Frankizia bat denez, 126 bulego ditu munduan zehar eta orain arte, 7 milioi umerekin aritu da lanean.

Aldarrikatzen dituzten helburuak, honako hauek dira:
  • Entretenituz irakastea.
  • Haurrei eta gazteei zientzia irakastea.
  • Kontzeptu eta metodo zientifikoak lantzea.
  • Ikasgelan ikasitako kontzeptuak indartzea eta sakontzea.
  • Haur eta gazteen kuriositatea sortzea.
  • Egunerokotasunean zientziarekin aritzea ohituratzat hartzea.
Lantzen diren gaiak honako hauek dira:
  • Zientzia.
  • Ingurugiroa.
  • Osasuna eta prebentzioa.
  • Elikadura.
  • Astronomia. 
Vygotskiren estruktura psikologikoan oinarritzen dira. Jarduera ludikoak eta ikuskizun formatiboak prestatzen dituzte. Horretarako, irakasle zoro bat egoten da eta berak, esperimentu eta zorakeriak burutzen ditu. Haurrek lagundu egiten diote eta honela, ondo pasatzeaz gain, ikasi egiten dute. Ekintza sinpleekin, hala nola, ikutuz, bustiz ... zientziako kontzeptu ezberdinak barneratzen dituzte parte hartzaileek. Irakasle zoro hauek aktoreak izaten dira, kuriositatea pizteko gai direnak. Antzeztuko dutena, pedagogo adituek prestatzen dute, beharrezkoak diren ezagutzak lantzeko.

Ezin da ahaztu, tailer hauetan eskubideekiko berdintasuna, anistazuna, talde-lana,justizia, demokrazia ... bezalako kontzeptuak kontutan hartzen direla, hori baita ardatz nagusia. Talde honek, ikasgeletan, festetan, aterpetxeetan, parkeetan, instituzioetan ... burutzen du bere lana.

Hona hemen talde honek buruturiko festa bateko argazki bat:


Hemen daukazue beraien web gunea. Bertan, informazio gehiago eskuratu dezakezue, beraiekin kontaktuan jartzeko aukeraz gain: 

Zientzia dibertigarria
Gifs animados