Oraingoan, sentimenduekin natorkizue. Askotan, oso zaila egiten zaigu irakasleei sentimenduak zer eta zeintzuk diren azaltzea. Horretarako, bi aukera edo ariketa erakutsiko dizkizuet, erabilgarriak izango direlakoan.
Lehen jarduera argazki sinple batekin burutu beharrekoa da. Nik hau aukeratu dut, ariketarako aproposa dela uste baitut. Irudi honetan agertzen diren 6 txarteltxoak moztu behar dira. Gela 6ko taldeetan banatuko litzateke (gehiago egonez gero, talde gehiago egin beharko lirateke, baina 6 pertsona baino gehiago ezin dira talde berean egon).
Behin taldeak eraturik, taldekide bakoitzari argazki honetako txarteltxo bana emango zaio eta berak, ikusi eta gorde egin beharko du, besteek ikusi ez dezaten. Ondoren, taldekideak txandaka, beraien txartelean agertzen den sentimendua imitatu beharko dute, keinuak erabiliz. Beste taldekideek, zein sentimendu den asmatu beharko dute.
Amaitzeko, talde handian batu eta bizitako esperientziaren inguruan hausnartuko da, izandako zailtasunak, imitatutako sentimenduak ... aztertuz.
Sentimendu ezberdinak |
Bigarren jarduera, power point batekin burutu beharrekoa da, jarraian txertatu dudana zehazki. Bertan, hainbat sentimendu agertzen dira, azalpen batzuekin batera. Azalpenak, gure bizitzan agertzen diren esperientziekin lotuta daude. Hau oso garrantzitsua eta lagungarria da ikaskuntzarako, kontzeptuak gure esperientziekin erlazionatzen baditugu errazagoa da horiek gogoratzea eta ulertzea.
Beraz, nire proposamena, talde handian burutzekoa da. Sentimendu bakoitzean, klasekide bat erdira irtengo da eta sentimenduaren azpian agertzen den azalpena irakurriko du. Ondoren, beste adibide bat jartzen saiatuko da, beste ikaskideen laguntza ere baliozkoa izanik. Sentimendu guztiekin amaitu ostean, paper batean, izaten dituzten sentimendu ohikoenak idatzi beharko dituzte banaka, noiz eta zergatik azalduz. Honen ostean, talde txikitan jarri (4ko taldeetan adibidez) eta bertako ikaskideeen artean bakoitzak idatzitakoa aztertuko dute.
Azkenik,talde handian ondorio orokorrak aterako dira (sentimendu bakoitzak bizitzako momentu konkretuekin duela lotura, gustatzen zaizkigun gauzek sentimendu positiboak sortzen dizkigutela...).
Giza Sentimenduak from bianire
Baliogarria izango zaizuelakoan agurtzen naiz!
No hay comentarios:
Publicar un comentario